Altitudea: 233 metro.
Biztanleria 2005ean: 229 biztanle.
Iruñetik 45 km-ra dago. Herrira heltzeko, herria zeharkatzen duen N-121-B errepidea hartu behar da. Arraiozek Mardea izeneko auzoa du.
Aipatzekoak dira Arraiozen:
Kanpoaldetik hiru jauregi ikusten ahal dira: Jauregizahar (herria zeharkatzen duen errepidetik bertatik ikusten ahal da, ezkerretara), Bikuña (elizaren ondoan) eta Zubiria (ibaiaren ondoan).
Arraiozen, elizaren ondoan, gaur egun laxoan jokatzeko dagoen plazarik ederrena dago. Bertan, gaur egunera arte bizirik iraun duen euskal pilotaren modalitaterik antzinakoenaz goza dezakegu.
Herriko eliza Jasokundearen Ama Birjinaren ohoretan eraiki zuten. Eraikin barrokoa da. Barnealdean, erretaula neoklasikoa du, eta hilobi-harlauzak atari arkupetuan. Lorategian elementu bitxiak ikus daitezke: disko-formako hilarriak.
Arraiozen, maiatzean, "Erreginak eta saratsak" besta ospatzen da. Bortz edo sei neskatila elkartu, eta urteko erregina hautatzen dute. Erregina hautatu berria lore-koroa batez edertzen dute, eta gainerako neskatikoek soinean zetazko banda bana eramaten dute. Horietako batek panderoa jotzen du, eta bertzeek, dirua eskatzeko, koplak abesten dituzte etxe nagusien aitzinean. Ohitura horrek antzezpen-erritual baten eskemari jarraitzen dio. Sarbide-errituaren ezaugarriak zenbait zuhaitz jakin aipatzea, eta itxuraz neskatilak horiekin identifikatzea dira. Zuhaitza lurraren eta, hedaduraz, emakumearen emankortasunarekin lotzen da.
Herriko bestak irailaren lehen igandean izaten dira.
Non lo egin: