Nabigazioa saltatu

Baztango Udala

Eguraldia | CASTELLANO | 2008ko azaroaren 22a

aquí esta la fecha

Udalerriko irudiak

PERTSONA OSPETSUAK

  • inprimatu
  • lagun bati bidali
  • testua handitu
  • testua txikitu

JOSE MARIA GASTON (1821-1882)

Amaiurren jaio zen, baina beraren familia Erratzukoa zen, Iriartea etxekoa. Iruñean, ikasketak egin eta, Zaragozan, zuzenbidea ikasi zuen, baina Valladoliden egin zuen azken urtea, eta, han, jurisprudentziako lizentzia lortu zuen. Gorteetako diputatua izan zen; hiru aldiz probintzia-diputatua, eta, bi garai desberdinetan, Nafarroako Gobernadore zibila.

Baztango interesen alde, tinko lan egin zuen. Modu aktiboan parte hartu zuen Frantziarekiko mugen nazioarteko hitzarmenaren eztabaidan; Baztango mendi komunalak amortizazio-legeen eraginetik salbuesteko lan gogorra egin zuen, eta Baztango landetxeak sortzeko oinarrien idazte- eta eratze-lanetan esku hartu zuen.

ANTONIO GOIENETXE (1669- 1747)

Arizkunen jaio zen, baina, ttipitan, Madrilera joan zen; han, Madrilgo Colegio Imperialean ikasi zuen, 1684an Jesusen Lagundian sartu zen arte. Alcalán fakultate nagusiak ikasi eta apaiz ordenatu eta gero, gramatika irakatsi zuen Colegio Imperialean; filosofia, Murtzian; idazketa, Murtzian eta Alcalán; Historia Sakratua, Erresumako hiriburuko Nobleen Ikastegian, eta Politika, Colegio Imperialean. Garai hartako ikastunik handienetakoa da eta, bere lanak idazteaz gain, hainbat gairen gainean idazten zuten idazle anitzen babeslea eta tutorea izan zen, hala nola: Hagiografien idazleak, aszetismoari buruz idazten zutenak, Filosofiari, Historiari edo Oratoriari buruzko idazleak edo eskuizkribuen egileak.

Jaioterria biziki maite zuen, eta beti goratu izan zuen Baztan, hango biztanleen ausardia azpimarratuz eta euskara goretsiz. Haren ustez, euskara gizateriaren hasieran zuen jatorria. Ikus dezagun Baztani eskainitako distiko bat, harekiko zuen maitasunaren adibide gisa:

"Palladis haec vallis, musis bellisque peraptos
Dicitur innumeros alma dedisse viros.
Xaverium peperit quondam, peperitque Navarrum
Et sibi de Sancta qui Cruce nomen habet.
Sufficit illa Trias, quae sola, ¡o patria felix !,
Impediat nomen fama perire tuum.
Bellis ac musis extat pletateque clara.
Nomini satque situs sic elementa sonant. »

(Martitzeko Balle ospetsu honek gizon anitz eman zituen gerrarako eta letretarako ezin egokiagoak. Bertze garai batean, Xabier (san Frantzisko) sorrarazi zuen, baita Navarro (Sendagilea) eta Gurutze Santuaren titulua daramana (Markesa) ere. Aski da hirutasun hori, O Sorterri Zoriontsu!, zure izena desager ez dadin. Gerrek, letrek eta errukiak argituta, distira egiten duzu. Hala aldarrikatzen dute zure izenaren eta egoeraren elementuek).

JUAN DE GOIENETXE (1656-1735)

Karlos II. eta Felipe V. erregeen agintaldien pertsonarik garrantzitsuenetako eta berritzaileenetako bat. Arizkunen jaio zen eta Madrilen ikasi zuen, Jesusen Lagundiaren Colegio Imperialean. Bere trebetasunei eta irmotasunari esker, Karlos II.aren administrari-idazkaria izatea lortu zuen, baita haren emaztekiaren, Mariana Neoburgokoaren, diruzaina ere. Borboitarren kausaren aldekoa zenez, Felipe V.ari babesa eman zion bere enpresekin, Ondorengotza Gerran, eta, gero ere, errege-familiaren konfiantza mantendu zuen, Maria Luisa Orleansekoaren e Isabel Farnesioren diruzaina izan baitzen. Burokrata izatetik, negozio-gizona, hornitzailea eta errege-errenten alokatzailea izatera pasatu zen. Lan horiek bere industria-enpresekin eta Baztan Berriaren eraikitze- eta sortze-lanarekin bateratu zituen. Baztan Berriaren proiektua ilustrazioaren aurreko pentsaeraren ondorioa da. José Benito Churriguerari agindu zitzaion hura eraikitzea, eta, bereziki aipagarriak dira San Frantzisko Xabierkoari eskainitako Eliza eta Goienetxe Jauregia.

Dena den, Juan Goienetxe intelektual handitzat ere jo izan da. Hala, lan asko idatzi zituen, bertzeak bertze, "Ejecutoria de Nobleza. Antigüedad y Blasones de Baztan" (1683). La Gaceta de Madrid ere argitaratu zuen, garai hartako argitalpenik garrantzitsuenetako bat. Anitzek Estatuaren Aldizkari Ofizialaren (BOE) lehen aztarnatzat hartu dute hori.

DAMASO ZABALTZA (1835-1894)

Iruritan jaio zen 1835eko abenduaren 11n. Piano-jotzaile ospetsua izan zen eta inspirazio handiko konposatzailea; hark sortutako lanak munduan barna interpretatzen dira, eta mirespen handia eta txalo anitz jaso dituzte. 15 urterekin, dagoeneko, piano-irakaslea zen. Kafetegiko piano-jotzailea izatetik, maila handiko musikaria izatera ailegatu zen. Kontserbatorioko Katedra lortu zuen bere merituengatik. 218 lanek osatzen dute Damaso Zabaltzaren Katalogoa. Atzerrian, "Espainiako Chopin" izengoitia eman zioten. Halaber, Karlos III.aren Ordenaren Zaldun titulua lortu zuen. Bertzeak bertze, "Aires navarros" (Nafar haizeak) eta "Las Campanas de Roncal" (Erronkariko ezkilak) izeneko lanak dira aipagarriak.

MIGUEL JOSE MARIANO IRIGOIEN ETA DOLAREA (1785- 1852)

Erratzun jaio zen 1785eko martxoaren 4an. Eliz karrera egin zuen; teologian doktoratu zen, eta, Oñatiko Unibertsitatean, Kanonen doktoretza lortu zuen. Halaber, Isabel Erregina Katolikoaren Errege Ordena amerikarraren Zaldun Komendadore titulua ere lortu zuen. Honako kargu hauek ere bete zituen: Eliz barrutiko Hornitzailea (1820), Taulako Artxidiakonoa (1831) eta Eliz Barrutiko gobernadorea. 1838an, Nafarroako Probintziako Senataria izateko errege-izendapena lortu zuen.

PEDRO MENDINUETA ETA MUZKIZ

Elizondoko Istekonean jaio zen 1745ean. Karrera militarra egin zuen, eta, Teniente Jenerala zelarik, Granadako Erresuma Berriko Erregeorde izendatu zuten (1797-1803). Kargu horretan zegoelarik, herri-lanak babestu zituen eta espedizio zientifikoei laguntza handia eman zien. Bertzeak bertze, akueduktu bat eta astronomia-behategi bat eraiki zituen. Bere herrialdera itzuli zelarik, Kapitan Jeneral izendatu zuten 1807an eta Gerraren Kongresu Nagusiaren burua izan zen.

MARIANO IZETA ELIZALDE (1915-2001)

Mariano Izeta 1915eko uztailaren 14an jaio zen, Elizondoko Mutilenean. Zortzi anaia-arreben artean zaharrena. Hamabortz urte zituelarik, erlojugile hasi zen lanean, aitarekin batean, eta horretan aritu zen 1984an erretiroa hartu zuen arte; hala ere, gero, familia-dendara joaten segitu zuen.

Erloju-dendara joaten ziren baztandarrekin egindako harremanei esker, Baztango euskararen hitzak eta hizkera-terminoak bildu zituen eta zonaldeko ohiturak eta tradizioak aztertu zituen.

1961ez geroz, Euskaltzaindiko kidea izan zen eta, 2000ko azaroan, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Baztango seme kutuna, Elizondoko alkatea (1957-1958) eta Baztango udaleko zinegotzia 1980-1984ko legegintzaldian. 1997ko maiatzean, Balleko Batzar Nagusiak Baztango seme kutun izendatu zuen aho batez. Urte berean, uztailaren 25ean, herriak berari eskainitako plaza inauguratu zuen: "Mariano Izeta Erreboteko plaza".

40 urteak beteak zituelarik idazten hasi zen. Hainbat hedabidetan aritu zen laguntzaile gisa, bertzeak bertze, Diario de Navarran; han, asteroko euskarazko orrian, "Nafar izkuntza" izenekoan, idatzi izan du azken une arte.

Haren lehen eleberria, "Dirua Galgarri", 1960an argitaratu zen. Hogei urte geroago, bigarrena, "Nigarrez sortu nintzan". 1985ean, ipuin-liburu bat ere idatzi zuen "Sorgiñak infernuko errekan".

Gainera, hainbat hiztegi idatzi ditu. Lehenik, "Baztango hiztegi ttipia", 1985ean. Geroago, 1993an, "Baztango erranairuak", balleko erran zaharren bilduma bat. Bertze alde batetik, "Baztango hiztegia" argitaratu zuen 1996an, eta, han, bere zonaldeko euskara bildu zuen. Azken liburua, "Baztango Kontuak", 1999an argitaratu zen eta Baztango hamabortz herrietako istorioak eta kontuak biltzen ditu.

Toki-folklorea bulkatzeagatik ere nabarmendu zen Mariano Izeta, hain zuzen ere, mutil-dantzak bulkatu eta irakasteagatik. Lau hamarkadatan, hura izan zen mutil-dantzetako lerroen burua, besta-ospakizun guzietan. Bertsolaritza ere sustatu zuen. Hogei urtez, hainbat jaialdi antolatu zituen Elizondoko Antxitonea trinketean eta Nafarroako txapelketetan lagundu zuen, 1936an (gerraren aitzinetik) lehenbiziko txapelketa egin zenetik. Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Foruen Plaza p.k.31700 Elizondo (NAFARROA)
Tel.948 58 00 06 Fax.948 45 22 69 buzon@baztan.esabrirá su programa de correo predeterminado
Desarrollado por ANIMSA. Se abre en nueva ventana