Nabigazioa saltatu

Baztango Udala

Eguraldia | CASTELLANO | 2008ko azaroaren 22a

aquí esta la fecha

Udalerriko irudiak

BITXIKERIA HISTORIKOAK

  • inprimatu
  • lagun bati bidali
  • testua handitu
  • testua txikitu

AMAIURKO GAZTELUA

Amaiurko Gaztelua Nafarroako Erresumako azken gotorlekuetako bat izan zen, Gaztelako Erresumak egindako konkistan eroritako azken defentsetako bat. Normalean jotzen dugu Nafarroak 1512an galdu zuela independentzia, Noaingo bataila galdu eta gero, baina badakigu Nafarroako koroaren jarraitzaile leial batzuek, buru egin nahian, Amaiurko Gazteluan bilatu zutela aterpea, Frantziako mugatik arras hurbil.

Monolito de AmaiurZaldun haiek arras gogor eutsi zioten, eta, gutiago izanda ere, hainbat bataila eta sarraski jasateko gauza izan ziren. 1522 arte iraun zuten, urte hartan Gaztelako armadak menderatu baitzituen; izan ere, anitzez gehiago ziren eta hobeki prestatuta zeuden.

Antzinako Erresuma menderatu eta gero, Cisneros Kardinalak, Errege-erregina Katolikoen konfiantza-gizonak, agindu zuen Nafarroak Gaztelari egindako erresistentzia oroitarazten ahal zuten gotorleku edo defentsa-baluarte guziak suntsitzeko edo desegiteko. Hala, Amaiurko Gaztelua suntsitu egin zuten, Nafarroako bertze hainbat gaztelu bezala; zortzi edo bederatzi gazteluk bakarrik iraun zuten.

Bitxikeria gisa erraten omen da gaztelu haren harriak herriko eliza eraikitzeko erabili zirela, eta gazteluko atea Arraiozen dagoela, Jauregizar jauregiko atea egiteko berrerabilita.

Gaur den egunean, Amaiurrera joaten bagara, XX. mendearen hasieran eraikitako monolitoa ikusiko dugu gaztelu hura zegoen lekuan, Amaiurko Gaztelua defendatzen hil zirenen omenean eta oroitzapenean egindakoa. Aranzadi Elkarteak egindako arkeologia-lanei esker (Baztango Udalak eta Amaiur herriak bulkatuta), gazteluko dorrea inguratzen zuten harresien zati bat agertu da, eta ez da baztertzen etorkizunean gaztelu hura berreskuratzeko lan handiagoak egin ahal izatea.

UDALA

Baztango Udalak hamalau herri hartzen zituen eta 1969z geroztik hamabortz (Amaiur anexionatu zenetik). Jurisdikzio bakarra osatzen du jabetza komunean, kontzeju bat eta Udal bakarra. Balleko Batzar Nagusia da erakunde gorena, politikoki nahiz administratiboki. Urte eta urteetan sortuz joan diren ordenantza komun propioak ditu.

Batzar Nagusiak nahiz Batzar Bereziak eta herri bakoitzaren batzarreak hainbat tokitan egin izan dira denboran barna. XVII. mendearen akaberatik aitzina erabaki zen Elizondoko Batzar Nagusietan honako hauek egon behar zutela: alkatea, idazkaria, herri bakoitzeko alkatea eta 34 diputatuak, eta honako egun hauetan eginen zirela: Eguberrietako Pazkoen hirugarren egunean, Berpizkundearen egunean, Mendekoste-egunean eta San Migel egunean.

Ayuntamiento del Valle de BaztanXVIII. mendearen hasieran oraindik, Anizkoak eta Azpilikuetakoak plaza publikoan biltzen ziren; Iruritakoak, Kokolarrañetan; Erratzukoak, eskoletan eta Elbetekoak eta beste lekuetakoak, parrokia-elizen kanposantuetan.

Leku horietan biltzeko ohitura (toki horietako batzuk mendeetan erabiliak) galdu zen Herriko etxeak agertu zirelarik. 1643an, dagoeneko, kontzeju-etxe batean ageri zaigu batzarrea, Migel Ursuakoa nobleari boterea ematekoa, hain zuzen. Ez dago Batzarre horren gaineko datu anitzik, ezta hurrengoen gainekorik ere. Anitzetan, Jarola jauregian bildu ziren, Elbeten, han leku handia zelakoz.

1695aren akaberan, eraikin berria egitea erabaki zuten eta Urdazubiko San Salbatore Monasterioari lur-sail bat erosi zioten. Dolare-etxea 380 zilarrezko dukaten truke saldu zuten.

Etxea eraikitzeko, zenbait baldintza bete behar izan zituzten zehatz-mehatz. Elbeteko Jarola jauregia, alkatearen etxea, izanen zen erakina egiteko segitu beharreko eredua: harria lantzeko, solairuak banatzeko zerrendak egiteko, akaberako molduradun erlaitzak egiteko, izkinetan kanpo aldera ageri diren harriak paratzeko eta, bereziki, erdialdeko balkoia eraikitzeko.

AGOTAK

Agoten lehen aztarnak XIII. mendeko dokumentuetan ageri zaizkigu dagoeneko. Pirinioetako haranetan bizi izan ziren sei mendez, arraza edo komunitate desberdin gisa, eta inguruko herri guztiek baztertu egin zituzten. Haien ospe txarreko jatorriaren inguruan, badira hainbat hipotesi. Zenbaiten ustez, legenardunen ondorengoak omen ziren eta horregatik baztertzen zituzten, kutsatzearen beldur baitziren. Bertze batzuen ustez, berriz, godoen ondorengoak omen ziren, larru zuria eta ile horia zutelakoz. Agoten ezaugarri gisa, erraten zen beharrian ez zutela lobulurik edo hura beharrian atxikia zutela. Dena dela, aipatu izan da arrazoi ekonomikoengatik baztertu zituztela. Baztanen, gainera, han kokatu ziren, Arizkungo Bozate auzoa sortu eta auzo-eskubideak eta kaparetasuna lortu nahi izan zituzten; Baztandarrek ez zuten horrelakorik onartzen, agotek ez baitzituzten horiek lortzeko baldintzak betetzen, hau da, hangoak izatea eta odol garbia izatea. Beraz, erabat baztertuta zeuden eta ia-ia ez zuten eskubiderik. Ez zieten lur komunala lantzen uzten; ezin zuten errota erabili; elizetara sartzeko, ate bereziak zituzten ("Agote Ateak"), eta beti gibeleko aldean jarri behar izaten zuten elizetan.

Nolabait ere bizirik irauteko, agotek borrero- edo zurgin-lanak bakarrik egiten ahal zituzten (zuraren bidez ez baitzen eritasunik igortzen), baina, geroago, igeltsero, artisau edo musikari ere izan ziren. Izen ere, arras onak izan omen ziren eskulanetan, Bozateko arkitektura ederra eta hango etxe bereizgarriak ikustea bertzerik ez dago horretaz ohartzeko. Bizi ziren lekuan bizi-baldintzak sobera gogortzen zirelarik, bizilekua aldatzen zuten. Urteek eta mendeek aitzina egin ahala, baldintzak samurtuz joan ziren eta, hala, agotak beren bizilekuetan finkatuz joan ziren; Baztanen ere, halaxe gertatu zen. Aita Santuaren buldak jaso zituzten eta, horiei esker, bigarren mailako herritartzat jotzen hasi zitzaien, ordu arte izan zen bezala. Bozaten, XX. mendearen hasieran, komunitate berezi gisa tratatzen zitzaien oraindik ere, baina, gaur den egunean, erabat integratuta daude.

Beren burua agoten ondorengotzat dutenentzat, gauzak aldatu dira eta lehenago baztertze- eta arbuiatze-arrazoia zena, egun, harro egoteko arrazoi bihurtu da. Edozein moduz, zaharren ustez, agotak, oraindik ere, jende madarikatua da, eta Bozate, auzo madarikatua.

Foruen Plaza p.k.31700 Elizondo (NAFARROA)
Tel.948 58 00 06 Fax.948 45 22 69 buzon@baztan.esabrirá su programa de correo predeterminado
Desarrollado por ANIMSA. Se abre en nueva ventana