Nabigazioa saltatu

Baztango Udala

Eguraldia | CASTELLANO | 2008ko azaroaren 22a

aquí esta la fecha

Udalerriko irudiak

HISTORIA

  • inprimatu
  • lagun bati bidali
  • testua handitu
  • testua txikitu

MEGALITOAK

CromlechBaztan lehenaldiko aztarna anitzen kokalekua da, antzinako oroitzapen sorren kolalekua; lurralde osoan barrena aurkitzen ditugu, baina ez denak egoera berean: batzuk ederki kontserbatu dira eta bertze batzuk, batere kezkatu gabe, errotik atera dituzte, pista edo bideren bat egiteko. Kasu gehienetan, orain dela guti arte ez zaie kasurik egin, eta, gaur den egunean, oraindik ere, beharrezkoa da giza kokaleku horien azterketa zehatza egitea; lehenbiziko ikerketa zientifikoek diote lehen baztandarrak hemen, Ballean, jaio, hil eta lurperatu zirela Kristo aitzineko XIII. mendean.

LBaztango aztarnategi arkeologikoek anitzetan piztu dute jendearen arreta: Plino historiagile erromatarrarena (K.o. I. mendea) Moret Aita jesulagunarena (XVIII. mendea), Joxe Miel de Barandiaranena, Jacques Blotena, Lope Sellésena eta Francisco Ondarrarena (kaputxinoa eta euskaltzaina). Ondarrak, Lekarozko Eskolako komentutik lur honetako mendietan barna galdu, denbora-tunelean sartu eta bueltatzen delarik, antzinako bere aurkikuntzen berri ematen digu. Gaur egun, zenbait Baztandarrek jaso dute Balleko megalitismoarekiko haien grina, hala nola Josu Cabodevillak eta Itziar Zabalzak, eta gidaliburu batean bildu eta katalogatu dituzte Baztango monumentu megalitiko guziak. Dolmen

Hondakin horietatik guzietatik, bertzeak bertze, honako hauek dira aipatzekoak, ezagunagoak direlakoz: Urdintzeko monolitoa, Otaltzuko, Xolborroko harriko (Legaten), Urkizteko, Luurzuko, Beoltringo, Autringo eta Zaluko trikuharriak eta Maistrugaingo eta Soalarko harrespilak, Urlegiko tumulua (Alkurruntz), Uztanborroko (Irurita), Sorginetxoako (Erratzu), Errolanen pasabideko (Erratzu-Aldude geltokia) eta Oizako (699 metroan, Elizondotik hurbil) trikuharriak, Otsondoko bertze bi, Legate inguruko bertze sei eta iruinarri bat, Lekarozkoa, Iparlako harrespila eta iruinarria, Elortako eta Aznabazterrako trikuharriak (Erratzun), Bagordiko iruinarria... Soalarko iruinarria bere lekutik kanpo aurkitu zen, lorategi pribatu batean, eta, gaur den egunean, Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoan dago jende guziarendako erakusgai.

BAZTANGO HISTORIA OROKORRA

Zaila da Baztango historia laburbiltzea, arras lurralde konplexua baita. Inguru hauetan izandako zenbait gertaera orain dela milaka urtekoak dira, aztarna anitz utzi zituzten historiaurreko kokaleku horien garaitik hasita; izan ere, gaur den egunean, oraindik ere, Baztan osoan barna aurkitzen ahal dira aztarna megalitiko anitz. Halaber, ezin da ahantzi erromatarrak ere Baztango lurretan bizi izan zirela, eta halaxe erakusten digute hainbat motatako eraikuntzek. Ballearen hegoaldetik, Bordele eta Astorga arteko bidea pasatzen zen, eta, gero, Santiagora zihoazen erromesek baliatu zuten hura. Oharrizko zubia izanen da segur aski erromatarren ondarerik aipagarriena, baina ezin dugu ahantzi Aritzakungo meategia, erraten baita erromatarrek urre-hobi txiki bat aurkitu zutela han.

Zenbait mende geroago, Erromako Inperioak gure lurrak menderatzeari utzi eta gero, Nafarroako Foruko aitzinsolasean aurkitzen ditugu Baztani buruzko hurrengo aipamen historikoak, eta han erraten da musulmanen inbasioa ez zela lurra hauetara ailegatu. Geroago, 1025. urtearen inguruan, Antso Handiak Baztango Jaurerria sortu zuen Semen Otsoanitzen alde, Jauregizarreko, Amaiurko eta Iruritako jauna zenaren alde.

Alfontso I.ak Baztango erregetzat jo zuen bere burua, Zangozan 1132an jaulkitako dokumentu baten bidez. 1397ko maiatzaren 22an, Karlos III.ak, Elizondoko bizilagunek egindako eskariari erantzunez, zera adierazi zuen "sean e finquen guardados e mantenidos en lur condiciones de fidalguía e infançonía, en que dezían haber estado a perpetuo" (Izan daitezela eta finka daitezela gordeta eta mantenduta kaparetasun- eta handizurentasun-egoeran, beti egon omen diren bezala). Errege-ondarearekin 1440an izandako auzian, aziendendako errege-mendietako larreen petxak ordaintzeari buruzkoan, bertze behin berretsi zen kaparetasun-eskubide hori. Baztango historiari buruzko ibilbide honetan ere, aipatzeko modukoa da Baztanek pasarte epikoetan utzitako aztarna, errate baterako, Navas de Tolosako birkonkistatze-bataila ospetsuan parte hartu izana, eta erraten da hortik datorrela gaur den egunean balleko etxeetan ageri den armarria. Baina armarriari buruzko atalean ikusiko dugu horren gainean teoria bat baino gehiago dagoela.

Nafarroakoa Erresumaren historian ere, erreferentzia da Baztan, batez ere Gaztelak 1512an egindako inbasioan. Dakigun bezala, Amaiurko Gazteluan, Nafarroako Koroarekiko leialak ziren hainbat lagunek borrokatu eta bizia galdu zuten etsairen aurka, eta historian sartu dira, azken erresistentziagunea izan zirelakoz Nafarroa 1522an Gaztelako Koroaren barnean sartu aitzinetik.

XVII. mendearen erdialdetik ia-ia XIX. mendearen hasiera arte, Nafarroak bizi izan zuen bere historiako gorenaldirik handienetakoa. Eta nola ez, nafar ospetsuen artean, baztandarrak ere baziren. Inguru honetako lagun anitzek kargu garrantzitsuak izan zituzten, bai Espainian bai Ameriketan; Baztanek ministroez, militarrez, elizgizon garrantzitsuez, hornitzaileez eta merkatariez hornitu zuen Erresuma, eta, hain kopuru handia zegoenez, Saltilloko Markesak erran ere egin zuen Madril nafarrek (batez ere baztandarrek) menderatua zegoela. Aski da honako hauek aipatzea, horretaz ohartzeko: Juan Goienetxe, egungo Espainiako Aldizkari Ofizialaren sortzailea, Juan Bautista Iturralde, Migel Muzkiz eta Nicolas Garro, hurrenez hurren, Felipe V.aren, Karlos III.aren eta Karlos IV.aren Ogasun-ministroak, Juan Lorenzo Irigoien, Iruñeko Gotzaia, Juan Jose Bertiz, Río de la Platako Erregeordea, edo Pedro Iturriria eta Pedro Astrearena, hornitzaile garrantzitsuak izandakoak.

Hala ere, kasu guzietan ez zen garaipenik eta meriturik lortu, eta gerrak eta auhenak ere izan ziren. Hala, Baztanek garrantzi handia izan zuen Lehen Karlistadan. Fernando VII.a hil eta gero, Karlos infantea Baztanen barna sartu zen, Portugaldik heldu zelarik, erregegai gisa. Eta, atera ere, hemen barna atera zen, ospa egin eta Frantziara ihes egin baitzuen Dantxarineko mugatik. Horren aitzinetik, gertaera larriak izan ziren, hala nola 1835ean Espoz Mina Jeneralak agindutako Lekarozko sutea.

Kontu tristeak ere izan dira; errate baterako, 1913an Erratzun eta Elizondon izandako uholdeak, Baztanen inoiz gertatutako hondamendirik handienetako bat izan baitzen hura.

XX. mendean barrena eta gerraren ondotik, eszena bitxiak ikusi ziren Baztango mendietan. Batetik, autarkia ezarri eta mugak itxi zirenez, baztandar gehienek bizimodua ateratzeko modu alternatiboa bilatu zuten: kontrabandoa. Delitu hura arte bihurtu zuten balleko bizilagunek, mila modu asmatu baitzituzten garraiatutako salgaiak (parpailak, errodamenduak, aziendak eta abar) helburura ailegarazteko. Hala, jornal gehigarri bat irabazten zuten, garai hartako bizimodu gogorrari buru egiteko.

Geroago, beste bitxikeria historiko bat ere badugu. Izen ere, Gorramendin, base militar amerikar bat kokatu zen, Gerra Hotzaren garaian, eta, han, zaintza- eta komunikazio-lanak egiten ziren. Baztandarrek ustekabean eta harrituta ikusten zuten nola ailegatzen ziren lehen jeepak eta lehen pertsona beltzak gure lurretara.

Herri baten, gure herriaren, adierazgarri ttipiak bertzerik ez dira. Baztanen gertatutakoaren laburpen motza, baina aperitibo gisa balio dute, lehenaldiren zertzelada bat, hurrengoendako erreferentzia, heldu den etorkizuna erein dezaten.

Foruen Plaza p.k.31700 Elizondo (NAFARROA)
Tel.948 58 00 06 Fax.948 45 22 69 buzon@baztan.esabrirá su programa de correo predeterminado
Desarrollado por ANIMSA. Se abre en nueva ventana